XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

GOROLDIOAK ETA ETXEKO ESERLEKUEK BAKARRIK EZ ZEKITEN HITZ EGITEN

Goroldioa eta etxeko eserlekuak ziren hitz egiten ez zekiten bakarrak, beste gauza guztiek eta animaliek bai baitzekiten mintzatzen.

Hauek denak goroldioari eta etxeko eserlekuari hizketan irakatsi nahian hasi ziren, baina irakatsi beharrean, denei ahaztu zitzaien hitz egiten.

BESTE MUNDUKOA MEZA ATERATZEKO ESKATZEN

Nire berriemailearen amonaren ahizpa haurra zela bere izeba eta amaponteko zenari hildakoa azaldu zitzaion, gauez eta ohean zegoela.

Zerura sartzeko meza baten beharrean zegoela adieraziz azaldu zitzaion.

Baina Amezketako Galartza baserrian urtebetez zerbitzatzen egon ondoren meza atera behar ziola esan zion, hau da, baserri horretan irabazitako diruarekin.

Honek erakusten digu, alde batetik, andreak ez zeukala dirurik eta, bestetik, ordaintzeko bide jakin bat erabili beharra zeukala.

Horrela, bada, andreak urtebete neskame pasa zuen Galartza baserrian eta hildakoaren nahia betetzeko meza atera zuen.

Meza horretara joan ziren guztiei elizako sarreran hildakoak ur bedeinkatua ematen zien, eta aipaturiko emakumeak hildako hura meza-denbora guztian aurrean eduki zuen.

Eliza uztean, berriz ere guztiei ur bedeinkatua eskainiz agurtu zituen.

Baina emakumeari, agur berezi bat eginez, hala esan zion: Ni orain zerura noa eta zuretzat ere ez da zerurik faltako; baina ez erabili harrokeria handirik.

BESTE MUNDUKOA ETA MUTIL KOSKORRA

Mutil koskor batek bere etxekoei esaten zien beste munduko bat agertzen zitzaiola.

Hori entzunik, aita beste mundukoa ikusten zuen semearen atzetik abiatu zen.